Gaur egun ditugun larrialdi klimatikoa, biodibertsitatearen galera eta desberdintasunen hazkundea bezalako erronken aurrean, ezinbestekoa da eredu ekonomiko berri bat eraikitzea, zeina trantsizio ekologiko, jasangarri eta bidezkoa bermatuko duen, hau da, jasangarritasun hirukoitza.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duen jardunaldian guzti horri buruz aritu ginen, garapen ekonomiko, sozial eta ingurumen esparruko estrategiak, esperientziak eta tresnak partekatu ziren, guztien artean elkar ikasiz.
Ana Boto, ADEGIko azterketa eta ikerketa arduradunak Jone Nolte ASLE elkarteko gerenteak eta Ibon Antero MONDRAGON Taldeko Iraunkotasun eta Eraldaketa sozialerako arduradunak jasangarritasunerako estrategiak azaldu zituzten, enpresa ikuspegia oinarri hartuz.
Ondorengo mahai inguruan, Andoni Isastik (CADINOX S.A.), Jon Zuluetak (IZT-Informatika Zerbitzu Teknikoak), Idoia Bustinduyk (DANOBATGROUP) eta Pablo Nuñezek (KL Katealegaia SLL) enpresetan martxan jarritako praktikak partekatu zituzten. Nahiz eta oso izaera desberdinetako enpresak izan, beraiek esan bezala, guztiek daramate beraien ADN-n jasangarritasunerako genea, eta enpresaren estrategietan ikuspuntu hirukoitz hori (soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa) txertatuta daukate. IZT-ko Jon Zuluetak aipatu zuenez, ERAKIDE tresnaren aplikazioa lagungarria izan da arlo honetan aurrepausoak emateko. Aplikazioari esker, jasangarritasune arloan intuizioz egiten zituzten ekimenak ordenatu zituzten, eta aldi berean, etorkizunera begira enpresaren baitan zituzten erronkak identifikatu, izan ere, beren buruari sekula egin gabeko galderak egitera bultzatu zien tresnak. Erronka gisa identifikatutakoen artean, bi gaietan jarri zuen fokua: oso maskulinizatua den informatika arloan berdintasun plan bat izatearen beharra, eta sortzen dituzten hondakinei bigarren bizi bat emateko proiektua martxan jartzea.
Bukatzeko, Iranzu Sainz de Murieta (SINNPLE) eta Nerea Elias-en (ERAKIDETUZ taldeko kide) eskutik enpresetan erantzunkidetasun soziala lantzeko dauden tresnak ezagutu genituen. Nerearen hitzetan “ERAKIDETUZ lantaldea lankidetza espazio bat da. Gaur egun ditugun erronkek nahitaez lankidetza eskatzen dute, eta lantalde honen baitan Gipuzkoako bost aholkularitza gabiltza lanean: Aztiker, Elhuyar, Emun, Isladak eta Farapiko kooperatibako kideak eta zentzu horretan nik uste dut erabat koherentea dela erantzunkidetasun sozialaren ikuspegitik hemen ere lankidetzan jardutea”. Eta Erakide tresnaren onurei buruz ondorengoa azpimarratu zuen “Eraldaketarako palanka izan nahi du ERAKIDE tresnak eta hiru onura nagusi ditu: erantzunkizun soziala ikuspegi integraletik landu, prozesua lantalde anitz batean egin eta aurrera begirako errokak emaitza gisa aurkeztu”.