Bai, bai, ongi irakurri duzu! Agian zure herria barrukaldean kokatutako dago eta itsasoa ikusteko kilometroak egin beharko dituzu, baina nahiz herri hori Tutera, Donaixti edo Hernani izan, hor bertan hasten da itsasoa.
Guztiok ditugu gogoan sare sozialetan argitaratuak izan diren zaborrez betetako itsasoak. “Nik ez dut horrelakorik egiten” esaten diogu gure buruari, gure zintzotasuna justifikatu nahian.
Pentsatu al duzu inoiz nola iristen den itsasoraino terrazan eserita, gosari goxoaz disfrutatzen ari zarenean haizeak eramaten duen azukre-zorrotxoa? Haizeak lurrera, euriak ibaira eta ibaitik itsasora. Baina keinu txikiekin azukre zorroak ibilbide hori egitea ekidin dezakegu: katilu barruan utziz, lurrera erortzean jasoz, edo hobeto, ontziratu gabeko azukreak aukeratuz. Noski Administrazio Publikoak ere neurriak hartu behar dituela itsaso garbiak lortzeko! baina hortik haratago, goazen gure esku dagoena egitera, eta gure bizitokiak zaintzera.
Gaur, martxoaren 22a, Uraren Mundu Eguna ospatzen ari gara. Gure bizitokiaren, “planeta urdina”, azaleraren %70a baino gehiago urez estalita dagoela ezin dugu ahaztu. Gure gorputzaren osagai nagusia ere ura dela behin baino gehiagotan esan edo entzun dugu, pertsona helduetan pisuaren %65a gutxi gorabehera.
Beraz, goazen gure barne eta kanpo bizitokiak osasuntsu izan daitezen zaintza aktibo eta arduratsu bat egitera, eta gure bizi-kalitatea hobetzeko gakoetako bat den uraren eguna ospatzeko zergatia sendotzera.